JUSTIFIKAZIOA
Lan-inguruneak diseinatzeak ez du soilik eraikineko lan-espazioen, instalazioen eta abarren diseinu global eta orokorra eskatzen; beharrezkoa da, halaber, arreta handiagoa jartzea lanpostuarekin zuzenean lotutako alderdi guztietan, maila «mikroago» batean, oro har alderdi horiek alde batera uzteko joera baitago.
Lan-bolumena eta azalera librea, beste pertsonekiko distantziak, lanpostuetarako edo makinetarako sarbideen neurriak, altzarien neurriak, aginteen, seinaleen eta pantailen kokapena eta orientazioa, eremu arriskutsuekiko segurtasun-distantziak eta abar funtsezko alderdiak dira, eta ingeniari batek ezagutu behar ditu lan-inguruneak modu oso eta egokian diseinatu ahal izateko.
Horiek gabe, diseinua osatu gabe geratuko litzateke. Izan ere, lanpostua behar den xehetasun-mailarekin diseinatzeak langileen eraginkortasuna, segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzen ditu, eta horrek enpresaren produktibitate handiagoa dakar.
HELBURUAK
Prestakuntza-jarduera honen helburua da ikasleei lanpostuak diseinatzeko beharrezko ezagutzak eskaintzea, batez ere ikuspegi antropometrikotik, baina indarreko lege-araudiak eskatzen dituen alderdi dimentsionalak ahaztu gabe (486/1997 ED, CTE DB-SUA, etab.).
Arreta berezia eskainiko zaie lan-espazioen neurriei, horien erabilera segurua, eraginkorra eta erosoa bermatzeko. Horrek ez ditu soilik lanpostua betetzen duen pertsonaren ohiko zereginak barne hartzen, baita mantentze-lanak, ekipoen, tresnen eta instalazioen doikuntzak, sarbideak, ebakuazio-bideak eta -irteerak eta antzeko eragiketak ere.